Descripción Inprimatu

230/1998 FORU DEKRETUA, uztailaren 6koa, Nafarroako Natur Erreserbak Erabili eta Kudeatzeko Plan Zuzentzaileak onesten dituena.


Urederraren Iturburua urak modelaturiko zirku bat da, Urbasa mendiko hegoaldeko gailurraren hegoaldeko hegalean kokatua. Mendiko alderdi aparta honen geomorfologia berezi-berezia da eta paisajea berriz hagitz ederra, ekosistema diferentekoak eta ongi iraun dutenak.
Kararriek eta dolomia paleozenoek erlaiz airosoak eratzen dituzte, Goi Kretazeoko margazko material iragazkaitzen gainean. Ukipen litologikoan aurkitzen da Urbasako akuifero gatibu zabaleko ur-sorburu garrantzitsuenetako bat. Urak eragindako goranzkako higadurak modelatu du paraje geologiko ospetsu hori, non kokatu baita Natur Erreserba.

Babestutako gunearen barnean botanika eta faunaren arloan biodibertsitate handia dago amilburuan, haren hartxingadi eta malda basotsuetan, ur-sorburu eta uharren aldean barrena sortzen diren ingurune ekologiko aberatsen ondorioz.

Zuhaitzen aniztasuna agerian gelditzen da udazkena aldera, hostoen kontraste kromatikoak bide ematen baitu eremu txiki batean hainbat zuhaitz mota identifikatzeko, espezie garrantzitsuenak honako hauek: ezkia, haritza, gurbea, astigarra, pagoa, lizarra, zumar hostozabala, makala, sahatsa, hurritza, elorria, hagina, ezpela eta ipurua. Zuhaixken eta belarren flora arrunt bariatua da eta interesgarria botanikaren ikuspuntutik, landare bitxiak ageri direlako, adibidez Lathraea squamaria bizkarkoia. Eremu horretan landare komunitate hedatuena pagadia da, karezale eta xerofilo motakoak barne. Horiek Kantauri aldeko mendi lurzoruan banatuta daude eta Epipactido helleborines-Fagetum izena dute.


Natur Erreserbako fauna haragijaleen artean, besteak beste, lepazuria (Martes foina) eta basakatua (Felis sylvestris) agertzen dira espezie berezienen artean, baita azkonarra eta basurdea ere. Harkaitzetan bere habia egiten du sai zuriak (Neophron percnopterus) eta basoan gabiraiak (Accipiter nissus). Ur-zozoak ur lasterrak eta bazter goroldiotsuak arakatzen ditu zomorro bila. Paseriformeak ugari dira basoan, esate baterako, pinu- kaskabeltza (Parus ater), amilotx mottoduna (Parus cristatus), kaskabeltz handia (Parus major) eta amilotx urdina (Parus caeruleus).